Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateak (UVFI)
Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateak (UVFI) Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko Auzi Psikiatria saileko auzi-medikuek osatutako diziplina anitzeko taldeak dira. Mediku horiek psikiatrian, psikologia klinikoan eta gizarte-langintzan daude espezializatuta eta beren funtzioa da bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren, etxe barrukoaren eta sexu-indarkeriaren kasuetan adituaren txostena egitea.
Epaileak edo fiskaltzak hala eskatuta, aditu-laguntza ematen diote biktimari (eta, hala badagokio, baita seme-alabei eta erasotzaileari ere) eragindako lesioen edo kalte psikiko eta fisikoa eta lekukotzaren sinesgarritasuna baloratzeko, baita akusatutako pertsonaren egozgarritasuna edo indarkeria-arriskua (etorkizunean berrerortzea) baloratzeko ere. Informazio soziofamiliarra, psikologikoa eta medikoa balorazio bakar batean biltzen duen txostena da, kalitate handiko aditu-proba eraikitzeko.
Sexu-indarkeriaren kasuan, auzi-medikuaren esku-hartzea bi unetan egiten da:
- Guardia-zerbitzuan: berriki gertatu diren (sexu-erasoa gertatu eta 10 egunera bitarte) sexu-erasoen kasuak baloratzen dira. Epaitegiak edo fiskaltzak prozedura judiziala aktibatzen badu, premiazko aditu-balorazioa egiten da eta guardian dagoen auzi-medikua dagokion ospitaleko larrialdietara joaten da biktimaren azterketa egin eta legalki interes medikoa duten laginak hartzeko.
- Programatuta, UVFIn edo Auzi Medikuaren Klinikaren Psikiatria Zerbitzuan.