euskadi.eus

SATEVI Indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko 24 orduko arreta eskaintzeko zerbitzu espezializatua

SATEVI berehalako telefono-zerbitzua, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da eta 24 orduko arreta eskaintzen du urteko 365 egunetan. Zerbitzu horretara deitzean ez da arrastorik geratzen telefono-fakturan, baina telefono-zenbakia ezabatu behar da deien erregistrotik.

Telefono horren atzean edozein motatako indarkeria matxista (bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, beste gizon ezagun edo ezezagun batzuek eragindako indarkeria, indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, zaintzak ez ematea...) jasaten ari diren edo jasan duten emakumeei laguntzeko eta arreta eskaintzeko espezializatutako profesionalak daude.

Halaber, zalantzak dituzten edo orientazioa behar duten emakume horien senideak eta profesionalak ere laguntzen dituzte.

51 hizkuntzatan artatzen dute, baita entzuteko eta/edo hitz egiteko arazoak dituzten pertsonak ere (zeinu-hizkuntzako interpreteek egiten dituzten bideo-interpretazioen bitartez).

Zerbitzu honetako profesionalek:

  • Arreta eskainiko dizute telefonoz, zure zalantzak argituz, zure kezkak adi entzunez, emozionalki lagunduz, zure ahalduntze-prozesuan lagunduz...
  • EAEn dauden eskubideei eta baliabideei buruzko informazioa emango dizute.
  • Zure beharrei erantzuteko aurrez aurre artatu zaitzaketen beste zerbitzu batzuekin harremanetan jarriko zaituzte, nahi izanez gero.
Itzuli informazio eta orientaziora