Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren inpaktuak
Emakumeen osasun fisikoari, mentalari, sexualari eta ugalketari kalte egiten dion osasun publikoko arazo larritzat jotzen du Osasunaren Mundu Erakundeak emakumeen aurkako indarkeria matxista. Epe luzeko ondorioak ekartzen ditu, bai emakumearentzat, bai haren seme-alabentzat, baita gizarte osoarentzat ere.
Lesio fisikoen artean egon daitezke, besteak beste, ebakiak, ubeldurak, luxazioak, erredurak, borondatearen aurkako abortuak eta sexu-transmisiziozko gaixotasunak. Ondorio psikologikoek lotura dute autoestimua galtzearekin, memoria faltarekin edo kontzentratzeko arazoekin, lo egiteko edo jateko arazoekin, antsietatearekin, beldurrekin, depresioarekin eta abar. Haur eta nerabeek osasun-arazo handiagoak izateko arriskua izateaz gain, eskola-errendimendu baxuagoa eta jokabide-nahasmenduak ere izan ditzakete.
Indarkeria hori jasan duten emakumeek askotariko osasun-arazo fisiko eta psikologikoak izaten dituzte, baina, horrez gain, diru-sarrerak lortzeko eta bizitza publikoan parte hartzeko gaitasun murritzagoa izaten dute. Indarkeriak pobretu egiten ditu, eta pobreago bihurtzen ditu haien seme-alabak.
Garrantzitsua da kontuan izatea emakumeen aurkako indarkeria matxista bizi duten etxeetan, etxeko seme-alabak etengabe daudela desberdinkeria oinarri duen oso harreman-eredu arriskutsuaren eraginpean, eta gizonek zein emakumeek «izan behar duten» ereduaren eraginpean. Adingabe horiek bizi diren munduan, indarkeria nolabait baliozkoa da gatazkak konpontzeko, gizonak emakumeak baino garrantzitsuagoak dira eta emakumeek esanekoak izan behar dute. Epe luzera begira, haurtzaroan bizitutako esperientzia hori beren bikotekideekin errepikatzeko arriskua dago.