Nola jakin dezakezu ea sexu-indarkeria jasan duzun?
- Zure gorputzari buruzko iruzkinak edo sexu-iruzkin iraingarriak (irainak) jaso dituzu?
- Sexu-keinu iraingarriak egin dizkizute?
- Zure gorputzarekiko begirada lizunak jasan dituzu?
- Nahi ez zenituen mezu sexualak jaso dituzu sare sozialetan, posta elektronikoz, mugikorrez edo paperean?
- Emakume izateagatik irainak jaso dituzu sare sozialetan, posta elektronikoz, mugikorrez edo paperean?
- Zure bideo edo argazki sexualak argitaratzeko mehatxu egin dizute edo behartu zaituzte?
- Zure bizitza sexualari buruzko zurrumurruak zabaldu dituzte?
- Mezu masiboak, dei errepikakorrak, jarraipenak, espioitzak eta abar jasan dituzu? (Stalking)
- Haurdunaldian, erditzean eta erditze ostean zuk erabaki ez zenuen eta beharrezkoa ez zen botikarik eman dizute edo osasun-langileek egokiak ez ziren bestelako jarduketak edo jokabideak egin dizkizute? (Indarkeria obstretikoa)
- Bideoak edo irudiak (sexualak) partekatu dituzu nahita (bikotekidearekin, lagunekin...) eta ondoren zabaldu egin dituzte zure baimenik gabe? (sexting)
- Lan-arloan edo hezkuntzan errepresaliekin mehatxu egin dizute (kaleratzeak, azterketa bat ez gainditzea, etab.) sexu-proposamen bat ez onartzegatik? (jazarpen sexuala)
- Sexu-mesedeen truke hobekuntzak lortzeko (lanekoak, ikasketetakoak, bestela lortuko ez zenituzkeen opariak, etab.) iradokizunak edo proposamenak egin dizkizute? (jazarpen sexuala)
- Exhibizionista batek bere genitalak erakutsi dizkizu edo ekintza lizunak egin ditu zure aurrean?
- Sexu-harreman baten erdian, preserbatiboa kendu du noizbait mutilen batek zure baimenik GABE? (Stealthing)
- Zuregana hurbildu, igurtzi edo ukitu sexualak egin dizkizu zuk nahi ez zenuenean, mehatxuekin, indarkeria fisikoarekin eta larderiarekin edo gabe? (Sexu-erasoa)
- Nahi ez zenuen sexu-harreman bat izaten saiatu dira zurekin edo behartu egin zaituzte (ahotik, uzkitik edo baginatik)? (bortxaketa)
- Genitalak mutilatu dizkizute?
- Zure borondatearen aurka ezkontzera behartu zaituzte?
Sexu-indarkeriaren biktima dira onartu ez duten edozein sexu-ekintza pairatu dutenak edo eremu publikoan, pribatuan edo digitalean beren bizitza sexuala libreki bizitzea eragozten dien edozein egoera jasan dutenak. Gehiago irakurri
Gogoan izan!
Sexu-onespena da beste pertsonarekin edozein sexu-jarduera egitearekin ados egotea. Zer nahi duzun eta zer ez duzun nahi libreki eta boluntarioki aukeratu, desiratu eta onartzea esan nahi du, inolako xantaia edo larderiarik gabe, eta botere-desberdintasuna, konfiantza edo emakumearen zaurgarritasun-egoera direla eta berariazko inolako abusurik eman gabe.
Aldakorra da, hau da, edozein unetan alda daiteke eta espezifikoa da; praktika jakin bakarrerako ematen da onespena eta ez du besteentzako balio.