Ohiko galderak
Sarri, modu berean erabiltzen dira, baina desberdintasunak daude terminoen artean.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista: emakume izate hutsagatik emakumeen aurka (neska eta nerabeen aurka barne) gauzatzen den edo kalte neurrigabea eragiten dien indarkeria oro da, bai arlo publikoan, bai pribatuan (…) (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena.).
- Emakumeen aurkako generogatiko indarkeria: emakume izateagatik emakumeen aurka gauzatzen den edo emakumeei modu neurrigabean eragiten dien indarkeria oro da (Istanbuleko Hitzarmena).
*Termino hau aurrekoaren baliokidea da, baina webgune honetan emakumeen aurkako indarkeria matxista erabiltzea erabaki dugu, indarrean dagoen Euskadiko Berdintasun Legearekin bat etorriz.
- Genero-indarkeria: gizonek emakumeekiko ezartzen duten diskriminazioaren, desberdintasun-egoeraren eta botere-harremanen adierazle gisa, bikotekideek edo bikotekide ohiek edo emakumeekin afektu-harremanen bat izan duten gizonek (bizikideak ez izan arren) emakumeekiko gauzatzen duten indarkeria da (…) (Genero Indarkeriaren kontra Osoki Babesteko Neurrien Legea).
*Termino hau ez da oso zehatza eta nahasmena sor dezake; horregatik, webgune honetan bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako (emakumeen aurkako) indarkeria erabiltzea erabaki dugu.
- Etxeko indarkeria: familian edo etxean edo ezkontide edo izatezko bikote zahar edo berrien artean gertatzen diren indarkeria-ekintza guztiak barne hartzen ditu (...), delitugilea biktimarekin bizi ala ez (Istanbuleko Hitzarmena).
*Termino honek ez dio soilik emakumeen aurkako indarkeriari egiten erreferentzia, horregatik erabaki dugu webgune honetan ez erabiltzea. Horren ordez, (emakumeen aurkako) familia-eremuko indarkeria erabili dugu bikotekidea edo bikotekidea ez den familiako beste gizonen batek eragindako indarkeriaz hitz egiteko (aitak, aitonak, anaiak, osabak...).
Generoa: gizarte jakin batentzat eta garai jakin batean emakume eta gizonentzako berezkoak diren rolei, zereginei, jokabideei, jarduerei eta sozialki eraikitako ezaugarriei erreferentzia egiten dien eraikuntza soziala da eta sozializazio-prozesuen bitartez ikasten da.
Bikotekideak edo bikotekide ohiak gauzatzen duen emakumeen aurkako indarkeria matxista ziklikoki edo goranzko espiral baten moduan handitzen da. Indarkeriaren zirkulua Lenore E. Walker Ipar Amerikako psikologoak garatutako kontzeptua da eta hiru fase planteatzen ditu:
- Tentsio-fasea: Bikotearen arteko desadostasunak eta gatazkak areagotu egiten dira pixkanaka. Gizon bortitzak liskarrak sortzen ditu, baina ez da lehertzen; emakumea lasaitzen, atsegin ematen edo erasotzailea ez molestatzen ahalegintzen da, egoera kontrolatzeko.
- Eraso-fasea: Une honetan erasoa erabat ikusgarria da, emakumeak salaketa jartzeko probak eta laguntza eskatu eta abusuarekin amaitzeko motibazioa izaten ditu, baina beldurrak eragotzi egiten dio ekintza horiek egitea.
- Adiskidetze-fasea edo eztei-bidaia: Gizon bortitza damutu egiten da eta barkamena eskatzen du, aldatuko dela promes egiten du eta afektu handiagoa adierazten du. Ustezko aldaketa dela eta, emakumeak bere bikotekidea justifikatu dezake eta bere alboan gera daiteke, erasoa alde batera utziz. Salaketa jarri badute salaketa kendu ohi dute eta gertakariak justifikatzen dituzte beren buruaren eta ingurukoen aurrean.
Zikloaren errepikapenak indarkeria handitzen du, adiskidetze-uneak bakandu egiten dira eta gorakada errepikatu egiten da.
Emakumeen aurkako ziberindarkeria edo indarkeria digitala komunikazio elektronikoaren edo Interneten bidez emakumeen aurka gauzatzen den indarkeria da:
- Dating violence: gazte eta nerabeen artean ematen da bereziki. Bikote-harremanaren barruan, mutila neska kontrolatzen ahalegintzen da teknologiaren eta sare sozialen bitartez indarkeria psikologikoa edo sexuala erabiliz.
- Doxing: emakume baten informazio pertsonala bere baimenik gabe bitarteko elektronikoetan bilatzea, biltzea eta zabaltzea da.
- Grooming: Heldu bat Internet bidez adingabe bati iruzur egiten ahalegintzean datza, bere konfiantza lortzeko, ondoren argazki edo bideo sexualak edo pornografikoak lortu ahal izateko, eta, are, horiekin xantaia egiteko. Batzuetan sexu-abusuaren aurreko urratsa da.
- Revenge porn: emakumearekin konfiantzazko harreman intimoa izan duen pertsona batek Interneten emakumearen irudiak argitaratzean datza, min emateko helburuarekin.
- Sextinga: Testu edo irudi limurtzaileak, erotikoak edo pornografikoak Internetetik edo telefono mugikorren bidez jasotzea, bidaltzea edo birbidaltzea da. Hasiera batean, beste pertsona batekin norbere borondatez partekatzeko sortzen den eduki intimo eta sexuala da.
- Sextortsioa: gizon batek bere testu edo irudi intimoak zabalduz emakume bati mehatxu egitea da, diruaren truke, bere borondatea menderatzeko edo sexu-biktima bihurtzeko.
- Stalking edo jazartzea: pertsona batek emakume bat modu obsesiboan jarraitzea eta edozein komunikabide edo sare sozialen bitartez berarekin harremanetan jartzen saiatzea da, esaterako, Facebook, Instagram edo Twitter bidez.
- Sexu-jazarpena: desio ez den jokabide sexual, ahozko edo fisiko oro da. Ekintza, iruzkin edo keinu bat izan daiteke. Jazartzen duen pertsona biktima baino garrantzitsuago sentitzen da eta gaizki sentiarazten du, ingurune larderiazkoa, iraingarria, umiliagarria edo erasotzailea sortuz.
- Sexu-erasoa: baldintza hertsatzaileetan dagoen pertsona baten aurkako indarkeria fisiko eta sexuala da, eta bere osotasuna eta autonomia sexuala urratzen du. Sarketa ez diren bestelako ekintza batzuk izan daitezke.
- Sexu-esplotazioa: indarkeria, beldurra edo iruzurra erabiliz, edo nagusitasun egoera baliatuz edo biktimaren beharra eta zaurgarritasuna aprobetxatuz, adin nagusiko pertsona bat prostituzioan aritzera edo horretan jarraitzera behartzea. Nolanahi ere, esplotazioa egongo da egoera hauetakoren bat ematen bada:
- Biktima egoera pertsonal edo ekonomiko zaurgarrian egotea.
- Gauzatzeko baldintza zailak, neurrigabeak edo gehiegizkoak ezartzea.
Feminizidioa da emakumeak bortizki hiltzea emakume izate hutsagatik. Emakumeen aurkako indarkeria-modurik muturrekoena eta emakumeen aurkako diskriminazioaren adierazpenik larriena da.
Indarkeria bikarioa emakume baten ingururik hurbileko edo inguru afektiboko pertsona baten aurka gauzatutako indarkeria da, seme-alaben aurka bereziki, emakumeari min emateko. Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota bat da.
Informazio gehiagorako, kontsultatu esteka.
“Sumisio kimiko” bidezko indarkeria biktimaren borondatea ezeztatzen duten substantziak eta psikofarmakoak erabiliz gauzatzen den indarkeria da.
Behartutako ezkontza da neska edo emakume bat bere borondatearen aurka gizon batekin ezkontzera edo harreman bat izatera behartzea. Emakumeak diskriminatzen dituen eta emakumeek autodeterminaziorako duten askatasuna eta aukera urratzen duen botere-harreman desberdinetatik eratorritako emakumeen aurkako indarkeria matxista mota bat da.
Emakumeen genitalen mutilazioa da emakumeen kanpoko genitalak erabat edo partzialki erauztea edo emakumeen genitalen organoetan beste lesio batzuk eragitea, helburu ez medikoetarako.
Haurrei eta 15 urte bitarteko gazteei, zein prostituzioan jarduten duten emakumeei egiten zaie batik bat. Modua edozein izanik ere, haur eta emakumeen funtsezko giza eskubideak urratzen ditu, tartean, osasunerako, segurtasunerako eta duintasunerako eskubidea.
- Ez du osasunerako inolako onurarik eta konplikazio larriak eragin ditzake epe luzera, baita heriotza ere. Osasunerako berehalako arriskuen artean daude hemorragiak, kommozio-egoerak, infekzioak, GIBaren transmisioa, gernu-erretentzioa eta min handia.
- Ondorio psikologikoak izan ditzake: haurrek beren zaintzaileekiko konfiantza galtzea, antsietatea eta depresioa. Epe luzera ager daitezke horiek.
- Helduaroan, genitalen mutilazioa jasaten duten neskek aukera gehiago dituzte ugaltzeko arazoak izateko edo erditzeko garaian konplikazioak izateko, zehazki, erditze osteko hemorragiak, jaio aurreko heriotza edo jaioberriko heriotza goiztiarra.
Gizakien salerosketa giza eskubideak urratzen dituen delitu larria da. Esklabutza-mota bat da, gizakia merkantzia soil bihurtzen delako.
Gure Zigor Kodearen eta Salerosketaren aurkako Lege Organiko Integralaren Aurreproiaktuaren a carabera, pertsona bat esplotaziorako hartu, garraiatu, lekualdatu, atxiki, entregatu edo bere gaineko kontrola transferitzean datza, larderia edo iruzurra erabiliz, edo biktimarekiko nagusitasun-egoera eta biktimaren beharra edo zaurgarritasuna baliatuz.
Esplotazioa da:
- Behartutako edozein lan edo zerbitzu ezartzea: esklabutza edo esklabutzaren, morrontzaren edo eskaletasunaren antzeko praktikak.
- Esplotazioa delitu-jarduerak egiteko.
- Organoak, zatiak edo ehundurak ateratzea.
- Behartutako ezkontzak edo bestelako harreman-motak ezartzea, edozein errituren bitartez.
- Sexu-esplotazioa, pornografia barne.
Biktima gehienak emakumezkoak dira, salerosketa lotuta dagoelako zuzenean emakumeek gizartean duten lekuarekin eta pobreziaren feminizazioarekin.
Sexu-esplotaziora bideratutako salerosketa da emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpenik muturrekoenetako bat.
Osasun sexualaren eta erreproduktiboaren gaineko indarkeriaren barruan sartzen dira erreproduzitzeko autonomia zuzenean edo zeharka arriskuan jartzen duten eta urratzen duten jarduketak. Erreproduzitzeko autonomia da pertsonek seme-alabak izan ala ez, eta zein unetan izan aukeratzeko duten gaitasuna, eta osasun sexual eta erreproduktiboaren zerbitzuak eta informazioa jasotzeko eskubidea.
Horren adibideetako bat da indarkeria obstetrikoa. Indarkeria obstetrikoa da osasun-arloko profesionalek emakumeei haurdunaldian, erditzean eta puerperioan zehar egindako jarduketa umiliagarri eta diskriminatzailea. Jarduketa horiek indarkeriazkoak izan daitezke.
Ekintza desegokiak edo adostu gabeak izan daitezke, hala nola baimendu gabeko episiotomiak, anestesiarik gabeko esku-hartze mingarriak, jarrera jakin batean erditzera behartzea edo gehiegizko eta beharrezkoak ez diren botikak ematea, horrek izan ditzakeen konplikazio larriekin. Indarkeria hori psikologikoa ere izan daiteke, esaterako, haur gisa tratatzea, jarrera paternalista izatea, autoritarioa, mespretxuzkoa, umiliagarria, iraintzea, despertsonalizatzea edo iseka egitea.
Adingabeen interes gorena jarraibide bat da, eta horren arabera, haur eta nerabeei eragiten dien erabaki bat hartu behar den aldiro, haien eskubideetan izango duen eragina baloratu eta haien interesa jarri behar da beste ezeren gainetik.
Horrez gain, adingabeen nahiak, sentimenduak eta iritziak kontuan izan behar dira, baita informatuak eta entzunak izateko eta haien interes gorena zehazteko prozesuan pixkanaka parte hartzeko eskubidea ere, betiere, adinaren, heldutasunaren, garapenaren eta bilakaera pertsonalaren arabera.
Ahalduntzea da emakumeek eta neskek emakume izate hutsagatik jasaten dituzten egiturazko desberdintasunen eta diskriminazioen gaineko kontzientzia indibiduala eta kolektiboa hartzea.
Maila indibidualean: emakume bakoitzak bere burua indartzeko eta bere bizitzako erabaki estrategikoak hartzeko gaitasunak, boterea eta kontrola eskuratu ahal izateko tresnak garatzeko egiten dituen prozesu pertsonalak dira.
Maila kolektiboan: bakarka lor dezaketena baino inpaktu handiagoa lortzeko emakumeak elkartzeko prozesua da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eraldaketa soziala eragite aldera.
Ahalduntzeak hainbat interpretazio ditu testuinguru historikoaren, sozialaren eta kulturalaren arabera. Halaber, ahalduntzea desberdina izan daiteke emakume bakoitzarentzat bere bizitzako une bakoitzean.
Osatze-prozesuekin laguntzeko prozesu guztietan funtsezkoa da emakumeen indarkeria matxista jasan dutenen onespen librea, informatua eta aktiboa izatea. Eskakizun etiko eta juridikoa da, emakumearen borondateari eta lehentasunei ematen baitzaie lehentasuna.
Onespena balekoa izan dadin, biktimek beren eskubideak behar bezala ezagutzen dituztela eta laguntza jakin batzuk jaso ala ez libre erabakitzen dutela bermatu behar da.
Horretarako, funtsezkoa da ziurtatzea onespena inolako mugarik gabe ulertu eta adierazi dezaketela.
Libreki aukeratzeak esan nahi du ez dagoela bortxarik, erabakia borondatezkoa dela eta ez duela inolako eragin desegokirik (hala nola pertsuasioa edo manipulazioa).
Bigarren biktimizazioa erakunde-indarkeriaren mota bat da, egitatezkoa edo ez egitatezkoa izan daiteke, eta erakundeen jarduketa txarren ondorioz indarkeria matxista jasaten duten emakumeei are min handiagoa eragiten zaie.
Profesionalek artatutako pertsonen eskubideak ez ezagutzeagatik, genero-ikuspegirik edo haurren begiradarik ez izateagatik edo prestakuntza edo espezializazio egokirik ez izateagatik gerta daiteke. Halaber, jarduketa desegoki edo ez nahikoen ondorioz eskubideak atzeratzean, eragoztean, mehatxatzean edo urratzean ere gertatzen da.
Emakumeen aurkako indarkeria matxista emakume guztiei eragiten dien errealitatea da, baina indarkeriarekiko zaurgarritasun-egoera desberdina izan daiteke arrazaren, kolorearen, jatorri etnikoaren, hizkuntzaren, erlijioaren, iritzi politikoen edo bestelako iritzien, gutxiengo nazional batekoa izatearen, ondarearen, jaiotzaren, desgaitasunaren, adinaren, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen, familia-konfigurazioaren edo eskubideei dagokienez desberdintasuna edo diskriminazioa eragin dezaketen beste baldintza edo egoera pertsonal batzuen arabera.
Ikuspegi intersekzionala izateak emakumeen dibertsitatea aitortzea dakar, bizi diren testuinguru sozialaren eta kulturalaren egiturazko desberdintasunen berri izatea eta bere identitatearen barruan dauden faktore guztiak eta bere sexuarekin lotura duten eta uztartzen direnak kontuan hartzea. Emakumearen identitatea osorik ulertzeko eta aintzat hartzeko, faktoreak eta zapalkuntzak elkarrekin, aldi berean eta uztartuta aztertu behar dira, eta ez bereizitako kategoria independente batzuen arteko batura gisa, elkarren artean gurutzatzen baitira.