euskadi.eus

Erreparazioa

Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimek erreparaziorako eskubidea dute. Erreparaziorako Eskubidearen oinarrizko elementuak (kaltearen indemnizazioa, erabateko osatzea, egia zabaltzea eta berriro ez errepikatzeko bermeak) bete daitezke indarkeriaren ondorio pertsonal zein sozialei arreta eskainiz.

Dimentsio indibidual batetik, ondorio fisikoak, psikikoak, sexualak, sozialak, ekonomikoak, enpleguarenak, etxebizitzarenak eta beste hartu behar dira kontuan. Ondorioen dimentsio sozialari dagokionez, ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa sustatzea eta emakumeak komunitatean gizarteratzeko eta haien gizarte-sareak indartzeko gizarteratzea sustatzen duen lan komunitarioaren alde egitea. Halaber, kalteak errepikatzen ez direla bermatzeko, indarkeria erabiltzen dutenei erantzukizunak eskatzeko eta ikertzeko mekanismo egokiak aktibatu behar dira eta, halaber, komeni da prebentziorako programa sozio-hezitzaileak sustatzea.

Funtsezkoa da biktimak entzutea, zer nolako erreparazioa nahi duten jakiteko eta erreparazio-neurririk egokienak hartzeko. Besteak beste, hauek nabarmendu behar dira:

  • Ebazpen judizial bidez ezarritako delitutik eratorritako indemnizazioak ez ordaintzeagatik biktimarentzako laguntza-neurriak edo dirulaguntzak.
  • Egia aitortu eta zabaltzeko neurriak, indarkeria arbuiatzeko ekintza publikoen bitartez, biktimei eta biktimen eskubideak eta interesak defendatzen dituzten erakundeei aitortza, protagonismoa eta ahotsa emanez, biktima izatetik biziraun duen pertsona izatera igarotzeko trantsizioaren ikuspegia presente izanda.
  • Delitua errepikatzea ekiditeko neurriak, arreta kaltea eragin duen pertsonarengan eta inplikazio sozial eta komunitarioan jarriz.
  • Erabat osatzera bideratutako neurriak, dagozkion arretarako baliabide publikoen bitartez.