euskadi.eus

Zinemakumeak Gara! jaialdiaren 31. edizioa urriaren 20tik 31ra egingo da Bilbon

  • Zinemakumeak Gara! jaialdiaren 31. edizioa urriaren 20tik 31ra egingo da Bilbon

Emakume zinemagileen begiradak leku nabarmena izango du berriz ere Bilboko kultur agendan, Zinemakumeak gara! Emakumeek zuzendutako zine-erakustaldiaren 31. edizioarekin. Urriaren 27tik 31ra egingo da. Emakumeen ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko programa zabala izango da: 12 film luze eta 8 film labur emango dira, eta horiekin batera, prestakuntza-tailerrak, mahai-inguruak, topaketak zinemagileekin eta profesionalekin, eta inaugurazio-gala bat, sektoreko funtsezko figurei aitorpena egiteko.

Aurtengo edizioko xehetasunak prentsaurreko batean aletu dituzte gaur, BBK Aretoan. Han izan dira Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun; erakustaldiko zuzendari Ana Gutiérrez; Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusi Trinidad L. Vicente; eta BBKko Kulturako arduradun Koldo Bilbao.

Programazioa urriaren 20an, asteartean, hasiko da Bilborocken, Klaketa. 0 topaketaren lehen edizio batekin. Film baten aurretik dauden sorkuntza-prozesuei erreparatzen dien topaketa da.

18:00etan, Lara Izagirre Garizurieta zuzendariak María Goiricelaya Burón dramaturgoarekin eta Oizeder Mayo kazetariarekin hitz egingo du Yerma bere hurrengo proiektuari buruz, Nola egin pelikula bat? Zinemakumeak gara!-(e)ko formatu berriaren lehen saioan. Formatu horrek film bat pantailara iritsi aurretik haren sorkuntzan parte hartzen duten fase, erabaki eta zailtasunetara hurbiltzea proposatzen du. Saioak proiektuaren garapen-prozesua bertatik bertara ezagutzeko eta haren eraikuntzan eragina duten tresna, hautu eta egoerei buruzko elkarrizketa zabaltzeko aukera emango du.

Saioa Ultramarino, Habana industrial eta El regalo film laburren emanaldiarekin osatuko da, eta ondoren solasaldia izango da.

20:00etan, jardunaldiak Fuera de campo / Eremuz Kanpo topaketa informalarekin jarraituko du. Profesional eta publikoari zabalik egongo da, zinema inguruan iritziak partekatzeko eta harremanak sortzeko.

INAUGURAZIO-GALA

Urriaren 23an, ostiralean, 19:00etan, Sala BBKn Inaugurazio-gala egingo da, María Urcelayk gidatuta eta Eneritz Furyaken zuzeneko musika-emanaldiarekin.

Galaren barruan, Simone de Beauvoir saria emango zaio Leticia Dolerari, zuzendari, aktore eta sortzaile gisa egindako ibilbidearen aitortza gisa; eta Bihargi Saria Katixa de Silva Ruiz de Austriri, zinemaren eta kulturaren arloan egindako lana aitortzeko.

Female Rage: hamar egun baino gutxiagoan plazak agortu dituen tailerra

Urriaren 24an, larunbatean, 10:30etik 13:30era, Palacio Yohn-en egingo da Female Rage. Haserrea, amorrua eta emakumeen indarkeriaren irudikapenak zineman eta telesailetan tailerra, Itxaso del Castillo Aira Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak emanda.

ARMENIAR ZINEMA

Egun berean, urriaren 24an, larunbatean, 18:00etan, La Sinsorgan egingo da Armeniar zinema saioa, Orsola Casagrande eta Mariam Ohanyanek, KINeko zuzendariak, komisariatuta.

NAZIOARTEKO SEI ESTREINALDI PANTAILA HANDIAN

Urriaren 26tik 31ra, Golem Alhóndiga zinema-aretoek, Azkuna Zentroan, Pantaila Handia atala hartuko dute 19:30ean. Emakumeek zuzendutako sei pelikula estreinatuko dira, nazioarteko jaialdi nagusietako batzuetan aurkeztutakoak.

Zikloa urriaren 26an, astelehenean, hasiko da The End of It filmarekin, María Martínez Bayonarena, Rebecca Hall, Noomi Rapace eta Gael García Bernalek antzeztua. Filma Cannesko Jaialdiko Cannes Première atalean aurkeztu zen eta, Sitgesetik igaro ondoren, zuzendaria Bilbon izango da.

Asteartean, 27an, Judith Godrèchen Memoria de chica filmaren txanda izango da, Annie Ernauxen lanean oinarritutako filma.

Asteazkenean, 28an, Manuela Martelliren El deshielo proiektatuko da, Cannesko Jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztua eta, ondoren, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean.

Ostegunean, 29an, Fernanda Tovarren Chicas tristes Bilbora iritsiko da Berlinaletik, non Crystal Bear eta Generation 14plus ataleko Grand Prix saria jaso baitzituen, eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos ataletik igaro ondoren.

Ostiralean, 30ean, Sandra Wollnerren Everytime proiektatuko da, Cannesko Jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztua, eta bertan Un Certain Regard saria jaso zuena.

Atala larunbatean, 31n, itxiko da Norma Vilak zuzendutako lehen filmarekin, Salitre, Nagore Aranburu eta Haizea Carneros protagonista dituela. Filmak Bilbon izango du merkataritza-emanaldia baino lehenagoko ibilbidea, Sitgesko Jaialdiko Sección Oficial atalean mundu mailako estreinaldia egin ondoren, eta zuzendariarekin eta taldeko hainbat kiderekin solasaldia egingo da.

Hala, Pantaila Handiak nazioarteko jaialdietan, hala nola Cannes, Locarno, Berlin eta Donostian, ibilbidea egin duten sei film berri biltzen ditu. Erakusketaren apustu nagusietako bat da emakumeek zuzendutako eta hirian oraindik ibilbide komertzialik izan ez duen zinema garaikidea Bilbora ekartzea.

AITZINDARIAK

Aitzindariak atalak, urriaren 28tik 30era 17:15ean Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, funtsezko zinemagileen lana ezagutzeko eta emakumeek zuzendutako zinemaren historiari lotutako filmen berreskurapenari begiratzeko ibilbidea proposatzen du.

Asteazkenean, 28an, La negra Angustias proiektatuko da, Matilde Landetak 1949an zuzendutako filma, Filmoteca UNAMek utzitako kopia zaharberrituan. Saioaren ondoren solasaldia izango da.

Ostegunean, 29an, Cecilia Bartolomé: Tan lejos, tan cerca proiektatuko da, Giovanna Ribesek Cecilia Bartolomé zinemagileari buruz zuzendutako dokumentala. Saioa estreinaldi gisa aurkeztuko da, eta zuzendaria bertan izango da.

Ostiralean, 30ean, El camino izango da ikusgai, Ana Mariscalek 1964an zuzendutako klasikoa.

INDARKERIA BIKARIO

Urriaren 26an, astelehenean, Sala BBKn indarkeria bikarioari eskainitako bi saioko jardunaldia egingo da.

18:00etan, María Bestarren No estás loca. La verdad sobre la violencia vicaria dokumentala proiektatuko da.

19:30ean, jardunaldiak Indarkeria bikarioa. Seme-alabak indarkeria matxistaren zerbitzura mahai-inguruarekin jarraituko du. María Bestarrek, Rebeca Ovejero Fernández aholkulari juridikoak eta Vicenta Alonso de la Cruz psikologoak hartuko dute parte.

LA ODISEA-REN ONDOREN: NORK INSPIRATZEN DU GAUR ZINEMA?

Urriaren 27an, asteartean, 18:00etan, Azkuna Zentroko Sala Bastidan La Odisea-ren ondoren: nork inspiratzen du gaur zinema? mahai-ingurua egingo da, Txani Rodríguez, Garazi Albizua eta Elizabeth Casillasekin.

Topaketak gaur egungo ikuspegitik zinemagintza inspiratzen duten erreferente, genealogia eta irudiei buruzko hausnarketa proposatzen du.

Erakusketa: Gogokoenak...

Urrian eta azaroan, Metro Bilbaok Gogokoenak... erakusketa hartuko du, euskal kulturako hainbat pertsonak aukeratutako emakumeek zuzendutako filmen hautaketa.

Susana Abaituak, Alaine Aguirrek, Miren Arzalluzek, Maialen Belokik, Eneritz Furyakek, Helena Tabernak eta Eider Rodríguezek emakumeek zuzendutako beren film gogokoenak partekatuko dituzte.

Erakusketa urriaren 1etik 15era Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian (San Nikolas plazatxotik sartuta), urriaren 16etik 31ra Santimami geltokian eta azaroan Basauriko geltokian bisitatu ahal izango da; azken kokapena baieztatzeke dago.

JAIALDIA BASAURIRA ETA PORTUGALETERA LUZATZEN DA

Basauri:

Azaroaren 4an, asteazkenean, 19:00etan, Social Antzokian. Saioan Marta Matuteren Yo no moriré de amor filma proiektatuko da, Malagako 29. Jaialdian Film Onenaren Urrezko Biznaga saria irabazi zuena.

Portugalete:

Azaroaren 5ean, ostegunean, 18:30etan, ODEON Multicines Ballontin. Saioan Maryam Touzani zuzendariaren Calle Málaga filma proiektatuko da.

bilbao.eus

  • DataUrriak 1
  • Gaia Ikus-entzunezkoa