- Gainera, sexu-erasoengatiko 413 kasu artatu zituela erregistratu du; 2024an, berriz, 371. Hamar kasutik hirutan, biktima adingabea zen
- 2026an, euskal osasun zerbitzuko profesionalek sexu-erasoak jasan dituzten emakumeen 271 kasu antzeman dituzte
- Azken hamarkadan, Osakidetzako 33.623 profesionalek jaso dute genero-indarkeriari buruzko prestakuntza, 600 prestakuntza-ekintza baino gehiagoren bidez
Osakidetzako larrialdietako, osasun-zentroetako eta ospitaleetako profesionalek genero-indarkeriaren biktima izan diren 1.612 emakume artatu zituzten 2025ean, hau da, lau kasu baino gehiago egunero. Gainera, sexu-erasoengatiko 413 kasu artatu zituzten; hamar kasutik hirutan adingabeei eman zitzaien arreta. 2026ko urtarriletik urrira bitartean, euskal osasun zerbitzuak sexu-erasoen biktima izan ziren 271 emakumeri lagundu zien.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi ditu datu horiek, azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat etorriz. Data horretan, Alberto Martínezek zuzendutako sailak erabateko atxikimendua adierazi du Emakundek, hiru foru-aldundiek eta Eudelek sustatutako erakunde arteko kanpainarekiko. Aurten, «Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du» lelopean, gogorarazi du indarkeria horren aurrean ez dagoela leku neutralik. Kanpaina horrek gizarte osoari eskatzen dio jarrera aktiboa hartzeko, ez begiratzeko beste aldera eta ez gordetzeko isilean gertatzen dena. Hots, normalizazioa saihesteko eskatzen du.
Osasuneko sailburuak berak eskerrak eman nahi izan die Osakidetzako profesionalei horrelako kasuak identifikatzen egin duten lanagatik, eta detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu du, osasun-sistema kasu horietako askoren sarbidea baita.
Horregatik da hain garrantzitsua Osasun Sailak eta Osakidetzak beren profesional sanitarioen informazioaren eta prestakuntzaren esparruan aspaldidanik garatzen duten estrategiari eustea eta hura indartzea. Hala, azken hamarkadan, osasun-arloko 33.623 profesionalek jaso dute genero-indarkeriari buruzko prestakuntza, 600 prestakuntza-ekintza baino gehiagoren bidez.
Gainera, Osakidetzak baditu protokoloak, profesionalei jarraibideak eta tresnak eskaintzen dizkietenak hainbat gairi heltzeko, hala nola prebentzioa, detekzio goiztiarra eta esku-hartzea. Besteak beste, genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean, genero-indarkeriaren biktima diren seme-alaben aurrean eta 14 urtetik gorako emakumeen sexu-indarkeriaren aurrean jarduteko gidak ditugu.
Iaz, Euskadin, Osakidetzako larrialdietako, osasun-zentroetako eta ospitaleetako osasun-profesionalek genero-indarkeriaren biktima izan diren 1.612 emakume artatu zituzten, hau da, 4 kasu baino gehiago egunero. Lurraldeka, Bizkaian 940 emakume artatu zituzten; Gipuzkoan, 441; eta Araban, 231. Maila asistentzialen arabera, 753 kasu Larrialdietan detektatu ziren, 758 Lehen Mailako Arretan eta 101 Ospitaleko Arretan.
Gainera, artatutako kasuen artean, guztira 413 sexu-erasoak izan ziren; 2023an, berriz, 371 izan ziren. Larritasun bereziko beste datu bat sexu-eraso horien 10 biktimatik 3 adingabeak izan zirela da.
2026ari dagokionez, aurtengo urtarriletik urrira bitartean, euskal osasun zerbitzuko profesionalek emakumezko biktima izan duten 271 sexu-eraso antzeman dituzte.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)