euskadi.eus

ETXEIN, etxebizitza publikoen onuradunei enplegu ibilbideetan integratzeko aukera emango dien proiektua

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Torres: «Etxebizitza, gaur egun, ekonomia, enplegu eta lehiakortasun politika bat da»

Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua ETXEIN proiektu pilotuaren aurkezpenean.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak ETXEIN proiektu pilotu berria eta Ekonomiaz aldizkariaren 109. zenbakia eta aurkeztu dituzte gaur Gasteizko Villa Suso Jauregian. ETXEINek Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Alokabide – Alokairu Agentzia Publikoak sustatutako ekimenak, Agintzari – Gizarte Ekimeneko Kooperatibaren laguntza espezializatuarekin, egoitza egonkortasuna gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuekin lotuko du, zuzeneko esleipen bidez alokairu parke publikora sartzen diren eta egoera bereziki ahulean dauden pertsonentzat.

Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen agur instituzionala izan du ekitaldiak, eta monografikoaren ondorio nagusietako bat helarazteko balio izan du: etxebizitzak zuzenean baldintzatzen ditu kontsumoa, enplegua, lan mugikortasuna, talentua erakartzea, emantzipazioa eta aukera berdintasuna.

Testuinguru horretan, Mikel Torresek adierazi du «etxebizitza aldagai erabakigarria» dela gure ekonomiaren funtzionamendurako. «Familiek kontsumitzeko eta aurrezteko duten gaitasunari, langileen mugikortasunari eta enpresek profesionalak erakartzeko duten aukerari eragiten die. Horri heltzeko, politikak konektatu behar dira, baliabideak batu behar dira eta denboran eutsitako herri ikuspegiarekin jardun behar da». 

2026ko irailetik 2027ko abendura bitartean hamabost ibilbide pertsonalizatu eta intentsiboak egingo ditu ETXEINek Durangaldean eta Arratian. Bazterketa arriskuan dauden eta indarkeria matxista egoeretatik atera diren emakumeei eta ohiko etxebizitza judizialki galtzearen ondorioz zaurgarritasun egoera berezian dauden pertsonei zuzentzen zaie proiketu pilotua, baldin eta Alokabidek kudeatutako alokairuko etxebizitza publiko bat zuzenean eskuratzen badute.

Parte-artzaile bakoitzarentzat Balorazio, Laguntza eta Esku hartze Talde bat eratuko da Lanbideren Durangoko bulegoko profesionalekin, Alokabideren eta Agintzariko kideekin. Ibilbideak hala eskatzen duenean, gizarte zerbitzuak, osasun sistema edo bestelako baliabide espezializatuak ere sartu ahal izango dira. Taldeak diagnostikoa, helburuak, esku hartzea eta jarraipena partekatuko ditu, lanbide figura egonkor batekin, bikoiztasunak eta erantzun zatikatuak saihesteko.

ETXEINek enplegua, diru sarreren bermea, etxebizitza eta gizarte laguntza konektatzen ditu

Proiektuaren aurkezpenean, Mikel Torresek azpimarratu du inklusioa ezin dela «konpartimentu estankoetan antolatu. ETXEINek enplegua, diru sarreren bermea, etxebizitza eta gizarte laguntza konektatzen ditu pertsona beraren inguruan. Lanbidek enplegagarritasun diagnostikoa, orientazioa eta prestakuntza eta lan baliabideak emango ditu; Alokabidek, berriz, egoitza faktoreen detekzioa eta jarraipena. Ibilbide bat partekatzeak erantzun eraginkorragoa eta gizatiarragoa eskaintzea ahalbidetuko du». Jarraian, Denis Itxasok ziurtatu duenez, «etxebizitza egonkor bat laguntza puntu bihur daiteke, pertsona batek autonomia berreskuratzeko, loturak berreraikitzeko eta berriro enplegura hurbiltzeko. Giltzak egoitza larrialdia konpontzen du, baina gure erantzukizun publikoak aurrera jarraitzen du atea ireki ondoren. Laguntza egokiarekin, giltza horrek berak enpleguaren eta bizitza autonomoaren atea ere ireki dezake».

Bidelagun izateak barne har ditzake laneko orientazioa eta prestakuntza, zainketen antolaketa, gainzorpetzearen prebentzioa, errentari gisa dituen eskubide eta betebeharren gaineko laguntza eta baliabide komunitarioekiko lotura. Proiektuak 88.725 euroko aurrekontua izango du hamasei hilabeteko garapenerako, eta enplegagarritasunean, prestakuntza edo lan baliabideetarako sarbidean, zainketen antolaketan, egonkortasun ekonomikoan eta bizitegi egonkortasunean egindako aurrerapenak ebaluatuko ditu.

Proiektuaren izaera pilotuak aukera emango du baloraziorako, koordinaziorako eta jarraipenerako tresna komunak baliozkotzeko, oztopoak identifikatzeko eta ikaskuntzak dokumentatzeko, beste eskualde eta parke publiko batzuetara hedatzea aztertzeko. ETXEIN Inklusiorako Euskal Kontseiluak balioetsitako ibilbide mistoen ereduan sartzen da, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legearen esparruan.