- Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak defendatu du gero eta anitzagoa den gizarte batean pertsona guztien gaitasunak garatu behar direla, Euskadin beren bizi-proiektua garatzeko eta herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko aukerak eskainiz.
- Hezkuntza Sailak datorren astean aurkeztuko du 2026-2030 Hasierako Lanbide Heziketako Plana.
- Azaroaren 25a dela eta, sailburuak hezkuntzaren zeregina aldarrikatu du indarkeria matxistaren prebentzioan eta gizarte osoaren erantzukizuna eskatu du, arreta berezia jarrita gazteen arteko harremanetan.
(Bilbo, 2026ko azaroaren 25a).- Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketak Euskadiko aldaketa demografiko eta sozialen aurrean duen zeregin estrategikoa nabarmendu du, bai eta garapen ekonomikoari, aukera-berdintasunari eta herritarren ongizateari egiten dion ekarpena ere. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak mezu hori helarazi du Confebasken XXXIII. Enpresa&LH ekitaldiaren amaieran, gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Pedrosak hezkuntzaren eta prestakuntzaren garrantzia azpimarratu du erronka demografikoaren, euskal gizartearen aniztasun gero eta handiagoaren eta ekoizpen-sarean belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko beharraren aurrean.
“Pertsonak dira gure aberastasunik handiena. Haien ezagutza, lanerako gaitasuna, ekimena”, adierazi du sailburuak, eta belaunaldi berrien potentziala nabarmendu du. “Hor dago gure harrobia. Gure ikasgeletan. Hemen jaiotakoengan eta beste leku batzuetatik etorritakoengan. Haien gaitasunak ezagutu behar ditugu, haien bokazioak piztu, haien anbizioa suspertu eta ahalik eta prestakuntzarik onena eskaini”.
Pedrosak defendatu du oso garrantzitsua dela aukerak sortzea pertsona horiek beren bizi-proiektua Euskadin garatu ahal izateko eta herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko. “Euskadin beren bizi-proiektua garatzeko leku bat aurkitzea nahi dugu. Senti dezatela herrialde hau berea dela”, adierazi du.
Sailburuak hezkuntza-sistemak profesional kualifikatuen prestakuntzan duen erantzukizuna azpimarratu du, eta Euskadik kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko duen gaitasunaren eta oparotasun ekonomikoaren arteko harremana. “Gure industria eta gure enpresen lehiakortasuna zaintzea funtsezkoa da euskal gizartearen ongizatea bermatzeko”, adierazi du.
EKITATEA ETA PRESTAKUNTZA BIZITZAN ZEHAR
Pedrosak Euskadiko Lanbide Heziketaren lehentasunen artean jarri ditu ekitatea eta aukera-berdintasuna. Ildo horretan, aurreratu du Hezkuntza Sailak datorren astean aurkeztuko duela 2026-2030 Hasierako Lanbide Heziketako Plana, promozio-zailtasunak eta hezkuntza-laguntzaren beharrak dituzten ikasleen hezkuntza-aukerak indartzera bideratua, titulazio bat lortzea eta prestakuntza jarraitasuna ahalbidetuz.
Bestetik, dagoeneko lanean ari diren pertsonei prestakuntzarako sarbidea erraztearen garrantzia aldarrikatu du sailburuak, aldaketa teknologikoen eta ekoizpen-sektoreen kualifikazio behar berrien aurrean. Horretarako, Hezkuntza Saila prestakuntza modularraren eskaintza zabaltzen ari da, prestakuntza laburragoekin eta egiaztagarriekin, ikaskuntza lan- eta familia-bizitzarekin bateragarri egiteko.
ENPRESA-LANKIDETZA ETA BERRIKUNTZA
Pedrosak eskertu egin du euskal enpresa-sareak ikasleen prestakuntzan izan duen inplikazioa. Euskadik 20.000 enpresa laguntzaile baino gehiagoko sarea du, eta, joan den ikasturtean, Lanbide Heziketako 38.000 ikasle baino gehiago prestatu ziren enpresetan.
Era berean, LHko ikastetxeek enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunari egiten dioten ekarpena nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketari aplikatutako TKgune berrikuntza-programaren bidez. Programa horrek irakasleen ezagutzak eta ikastetxeen baliabide teknologikoak enpresen zerbitzura jartzen ditu, ekoizpen-prozesuak hobetzeko, teknologia berriak txertatzeko eta produktu berriak garatzeko.
“Eta ezagutza hori gure ikasgeletara itzultzen da eta ikasleen prestakuntza hobetzen du”, adierazi du Pedrosak, eta berariaz aitortu du LHko irakasleek arlo horretan egindako lana. “Ikertzeko, esperimentatzeko eta ezagutza partekatzeko haien gaitasunak balio handia du Euskadirentzat”.
NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA-EREDUA
Sailburua harro agertu da Lanbide Heziketako euskal ereduak nazioartean duen ospeagatik, eta ikastetxeen, irakasleen eta enpresen ekarpena eskertu du. Heziketako gure ereduak interes handia pizten du nazioartean. Hemen zaudeten pertsona askoren lanari esker lortu dugu. Harro egoteko arrazoiak ditugu”, adierazi du.
Pedrosak nabarmendu duenez, aurten UNESCOren topaketetan Euskadiren esperientzia partekatzera gonbidatu dute Hezkuntza saila, besteak beste, Bruselan hezkuntzaren etorkizunari buruz egin berri den Europako eztabaidan, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko ordezkariekin batera. Foro horietan, bereziki izan ditu hizpide Lanbide Heziketak ekitateari, aukera-berdintasunari, prestakuntza-jarraitasunari eta enplegua lortzeari egiten dien ekarpena.
Bestetik, etorkizuneko hezkuntza-politikak eztabaidatu eta definitzen diren nazioarteko espazioetan Euskadik ahots propioa izatearen garrantzia defendatu du, bere esperientzia emanez eta beste hezkuntza-sistema batzuen ezagutza eta jardunbide egokiak txertatuz.
BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO HEZKUNTZA ETA INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA
Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Pedrosak defendatu du beharrezkoa dela emakumeen presentzia handitzea sektore industrial eta teknologikoetan, eta aukera-berdintasuna bermatzea beren ibilbide profesional osoan.
Sailburuak hezkuntza-sistemaren eta gizarte osoaren erantzukizuna aldarrikatu du indarkeria matxistaren prebentzioan, arreta berezia jarrita gazteen arteko harremanetan.
“Emakume batek ere ez luke beldurrik izan behar. Inork ez luke zelatatua sentitu behar edo zerbait egiteari uko egin behar, bikotekidearen erreakzioaren beldur”, adierazi du.
Pedrosak azpimarratu du beharrezkoa dela egoera horiei buruz neskekin eta mutilekin hitz egitea, haiei entzutea eta ezagutzen zailak izan daitezkeen kontrol-portaerak eta beste indarkeria matxista mota batzuk identifikatzen laguntzea.
“Ikastetxeek eta enpresek eragin itzela dugu pertsonen prestakuntzan eta etorkizuneko euskal gizartearen balioetan”, adierazi du.
“Ezin diogu garrantzia kendu indarkeria matxista bakar bati ere, txikia dirudien arren”, adierazi du Pedrosak, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatu du emakume guztiak askatasunez, beldurrik gabe eta berdintasunean bizi ahal izateko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)