- Emakundeko zuzendariak "Giza eskubideak gaur Euskadin" kongresuan parte hartu du, Unesco Katedraren hamargarren urteurrenean
- "Giza eskubideen urraketa guztietatik, indarkeria matxista da muturrekoena"
Miren Elgarrestak "Giza eskubideak gaur Euskadin" kongresuan parte hartu du, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren hamargarren urteurrenean, ostiral honetan, Bizkaia Aretoan.
Emakundeko zuzendariak gogorarazi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaz hitz egiten denean "giza eskubideen urraketaz ari garela. Hori gauza jakina da, baina gaur egun zalantzan jartzen dela dirudi ".
Ikuspegi orokorra izateko, Miren Elgarrestak Euskadiko genero-berdintasunaren indizearen datuak eman ditu. Indize hori 100etik 66 puntukoa da, eta, beraz, Europar Batasuneko 27 herrialdeen artean bederatzigarren postuan gaude. Datu hori pixkanaka hobetu bada ere, oraindik tarte zabala dago berdintasuna lortzeko, eta ez Euskadin bakarrik, "emakumeen desberdintasuna eta giza eskubideen urraketa mundu mailako arazoa baita", adierazi du.
Emakundeko zuzendariak mundu mailan dauden desberdintasunak marraztu ditu. "Hiru emakumetik batek sexu-indarkeria jasan du bizitzan zehar, teknologia emakumeen eta nesken aurka modu anonimoan egindako indarkeria errazten ari da, eta botere politikoak oso kontzentratuta jarraitzen du: munduko zazpi herrialdetatik seitan gizonak dira buru", azpimarratu du.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak egindako azken inkestaren ondorioak ere aipatu ditu, indarkeria matxistaren egiturazko izaera berresten zutenak; izan ere, Euskadiko emakumeen erdiek adierazi zuten indarkeria motaren bat jasan zutela bizitzan zehar. "Eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren ikuspegitik, argi dago emakumeen aurkako indarkeria matxista dela giza eskubideen urraketarik larriena".
Ildo horretan, Elgarrestak indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen erreparaziorako eskubidea aipatu du. "Erreparazioak dakar birbiktimizazioa saihestea eta biktimen eskubideak eta ahalduntzea neurrien erdigunean jartzea".
Emakundeko zuzendariak giza eskubideen defentsan atzerapausorik ez ematearen garrantzia gogorarazi du, "hainbeste kostatu baitzaigu hori konkistatzea".
Miren Elgarrestarekin batera, Kongresuko Berdintasun eta Aniztasun mahaia osatu dute Maria Naredok (Argituz, giza eskubideen aldeko elkartea) eta Iñigo Lamarka Ararteko ohiak (Gehitu-FELGTB) eta Mitxel Lakuntza, Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen Gipuzkoako elkarteko zuzendaria.
Jaume Saura Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak eman dio hasiera jardunaldiari, eta, bertan, indarkeria politikoaren, gizarte-bazterketaren eta migrazioen testuinguruan dauden giza eskubideen diagnostikoa osatu da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)